Jolasak - ezkutaketa jolasa - Bat, bi, hiru eguzki

aisia.net

Jolasak > ezkutaketa jolasa

Bat, bi, hiru eguzki

Bat, bi, hiru eguzki jolasa

Adina: 3 urtetik aurrera

Kopurua: Gutxienez 2 (hobe gehiago)

Materiala: Ezer ez

Espazioa: Edozein

Iruditan: ikusi

Azalpena

1

Jolasari hasiera eman aurretik, zotz egiteko jolas baten bidez aukeratuko da bete nor izango den. Jokalari hori pareta baten kontra jarriko da, besoekin begiak estalita. Beste jokalari guztiak paretatik hamar bat metrora jarriko dira jolasa hasteko. Horien helburua paretaraino iristea izango da.

2

Betetzen dagoenak "bat, bi, hiru, eguzki" esango du eta bira emango du beste jokalariei begiratzeko. Beste guztiak aurrera mugituko dira, bete denak "bat, bi, hiru, eguzki" esaten duen bitartean. Baina esaldia bukatutakoan gelditu egin beharko dira, betetzen dagoenak mugitzen ikus ez ditzan. Mugitzen ikusiz gero atzera itzuli beharko dute. Paretara iritsitakoan "eguzki!" esan beharko dute, eta pareta ukitu.

3

Denak paretaraino iritsi direnean, betetzen dagoenari hatzetatik helduko diote. Horrek "eguzki!" esango du eta hori entzundakoan beste guztiek korrika alde egingo dute. Bidean bete denak norbait harrapatuko balu, azken hori bete izango da hurrengo txandan.

Informazio soziokulturala

Oso jolas ezaguna eta zabaldua da. Hego Euskal Herrian gehienetan gaztelaniaz erabiltzen da (un, dos, tres, chocolate inglés, pajarito inglés, carabín-carabán...). Azken urteetan zenbait ikastetxetan euskarazko aldaerak erabiltzen hasi dira. Adibide moduan Hondarribian jasotako euskarazko aldaera hau dugu: bat bi hiru txorimalo bat dugu. "Bat, bi, hiru eguzki" aldaera Etnikerrek egindako ikerketa etnografikoan Elosuan jaso zuten.

Aldaerak

* esamoldeak
Jolas hau oso ezaguna denez, euskaraz aldaera bat baino gehiago ditu. Adibidez, "bat, bi, hiru, eguzki" esan ordez, "bat bi hiru txorimalo bat dugu" edo "bat bi hiru karabin bon ban" edo "bat bi hiru txoriak kaka egin du" esan dezakegu.

* hizkuntza lantzen
Euskal Girotze Barnetegitan jolas hau euskara lantzeko erabili ohi dute. Horretarako, paretan dagoen lagunak norbait mugitzen ikusiz gero, atzera bidaltzeko ezingo du jokalari horren izena esan. Beraz, jokalariaren deskribapena egin beharko du: "hile horia duen mutila", "galtza zuriak eta zapata gorriak dituen neska"...

Esamoldeak
  • BETE IZAN.
    Betetzea, txito izan, zigortua, itsu izan, izan (jolas honetan paretaren dagoen pertsona)
Gaitasunak
  • JARDUERA LUDIKOA
    Mugimenduzko eta adimen estrategiazko jokoa.
  • JOKAERA KOGNITIBOAK
    Eragiketa jokaera: arrazoibide konkretua.
  • TREBETASUN FUNTZIONALAK
    Ikerketa: lekualdatzea (korrika).
    Eraginkortasuna: lastertasuna eta zehaztasuna.
  • ALDERDI SOZIALAK
    Bana-banako harremana: gizabanakoa-gizabanakoa.

Portada
Enpresa
 
Iruzkinak

* Dutenak beharrezkoak dira

ESTRANETA

Txantxariak

urtxintxa

© 2010 urtxintxa
Mundaiz bidea 8-2.E 20012
20012 Donostia
Telefonoa: 943270033
Faxa: 943270079
gipuzkoa@urtxintxa.org

CC lizentzia
Aitortu - Ez Komertziala - Partekatu Berdin (by-nc-sa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Foru Aldundia