Jolasak - ezkutaketa jolasa - Kuriketan

aisia.net

Jolasak > ezkutaketa jolasa

Kuriketan

Kuriketan jolasa

Adina: 4 urtetik aurrera

Kopurua: Gutxienez 2 (hobe gehiago)

Materiala: Ezer ez

Espazioa: Edozein

Iruditan: ikusi

Azalpena

1

Ezkutaketan jolasteko ohiko modua da. Lehendabizi zotz egin behar da, betetzen nor geratuko den aukeratzeko. Horretarako denak biribilean jarri eta batek honako hitz hauek esango ditu, banan-banan jolaskide guztiak seinalatuz: Kuriketan zertan Garia bertan Hamalau errealetan Korritzen duan prezioan Orra bertan

2

Betezea egokitzen zaiona pareta edo zuhaitz baten kontra jarriko da begiak besoekin estalita. Aurretik adostutako kopurua zenbatu beharko du beste jokalari guztiak ezkutatzen diren bitartean. Kontatu ondoren, begiak ireki gabe, honako esaldi hau ozen esango du: Kuriketan, kuriketan Biriketan, biriketan Non zaudete? Ez bazarate ezkutatu denbora izan duzue Eta segidan "kurik?" oihukatuko du, oraindik begiak ireki gabe, jakiteko denak ezkutatuak dauden ala ez. Ezkutatu behar zutenak gordeleku egokia aurkitu badute, "kurik" hitza erantzungo diote betetzen dagoenari; bestela "eko" edo "ez" erantzun beharko dute, eta betetzen dagoenak berriro esaldi osoa errepikatu beharko du:"Kuriketan, kuriketan, biriketan...".

3

Denak ezkutatuta daudenean bete dena beraien bila abiatuko da. Norbait ikusitakoan "Ikusi dut..." oihukatuz pareta edo zuhaitza ukituko du. Adibidez, ikusi duena Kattalin bada "Ikusi dut Kattalin" esango du. Horrela jarraituko du ezkutatutako guztiak aurkitu arte.

4

Gordeta dagoen norbaitek betetzen dagoena ikusi baino lehen pareta ukitzen badu eta bere izena esaten, bete denak berriro zenbatu beharko du eta jolasari hasiera emango zaio berriro.

Informazio soziokulturala

Ezkutaketa edo gordeketa jolasak oso jolas ezagunak dira kultura guztietan. Tradizo handiko jolasak dira, eta jolasteko era oso antzekoa da toki guztietan. Euskal Herrian azkeneko hamarkadetan gordeketan euskaraz jolasteko ohitura galdu egin da. Gaur egun honelako jolasetan erabiltzen diren esamoldeak erdarazkoak dira, edo erdaratik itzuliak ("niregatik", "Mikelengatik", "ni eta nire lagun guztiengatik").

Aldaerak

*esamoldeak
Jolas honek aldaera txiki asko ditu. Gehienetan esamoldeetan izaten dira aldaerak. "Esamoldeak" atalean ikus daiteke jolasteko garaian zer esaldi erabil daitezkeen.

Esamoldeak
  • KURIKETAN (JOLASA IZENDATZEKO ERAK):
    1. Gordeketan (Aramaio, Berastegi, Zerain)
    2. Gordetzera (Goizueta)
    3. Gorde-gordeka
    4. Gordaxka (Altzai)
    5. Gordaka (Zalgize)
    6. Ezkutaketan (Ataun)
    7. Izkutaketa (Ataun)
    8. Ezkutuan (Bergara)
    9. Itxuketan (Astigarraga, Bidegoian, Tolosa)
    10. Kiriketan
    11. Kuriketan (Larraun bailara, Basaburua bailara) (Ataun)
    12. Kubike (Gorozika)
    13. Kuike (Gernika)
    14. Kukuka (Sara, Baigorri)
    15. Kukutan (Leitza)
    16. Kukulauka (Heleta, Donaixti-ibarre)
    17. Kukumikuka (Aia)
    18. Ostu-ostuke (Bermeo)
    19. Oston-ostonka (Zeanuri)
    20. Paio-paio
    21. Arreneketan (Belauntza)
    22. Tximilikuarteka ibiltzea (Zarautz)
    23. Hamar-hogeike (Zerain)
    24. Harraketan (Telleriarte)
    25. Kalaba (Zornotza, Durango)
    26. Txopike (Abadino)
    27. Zapoka (Elosua, Azkoitia)
    28. Talloketan (Zerain)
    29. Buleketan (Zerain, Zizurkil, Tolosa)
    30. Ttankoka (Hondarribia)
    31. Ahal Eskuel (Hondarribia)
    32. Bapiruke (Bermeo)
    33. Izerka (Gorozika)
    34. Buleketan (Zerain, Errezil, Orio)
    35. Altxaketan (Erasun)
    36. Atzemaiketan (Urdiñarbe)
    37. Bale-baleka (Etxalar, Bergara)
    38. Katarra matarra (Albiztur)
    39. Labi labi (Aramaio)
    40. Papiolauketan (Tolosa)
    41. Txiloketan (Arribe)
  • IKUSI DUT...
    Kattalin (bete denak norbait ikusiz gero pareta ukituz esaten duena)
    Paio (Belauntza, Ibarra)
    Kattalin paio paiotero (Ataun)
    Mamikorte (Berastegi)
    Pillo-pillo (Bidegoian, Zerain)
    Zapo (Elosua)
    Zapo (Elosua)
    Sapo (Leitza, Bergara)
    Labi-labi (Aramaio)
    Txalo Kattalin (Astigarraga)
    Kuarto Kattalin (Astigarraga)
    Aliskuetan Kattalin (Zerain)
    Tallo Kattalin (Zerain)
    Kattalin! (Bergara)
    Bapiru Kattalin (Bermeo)
    Urten lekutik (Bermeo )
    Kattalin xalmo (Elgorriaga)
    Txartela Kattalinl (Arraioz)
    Kattalin korte (Alkoz)
    Bule Kattalin (Errezil)
  • LIBRATZEKO
    (ezkutatuta dagoen norbaitek pareta ukituz gero esaten duena)
    Paio (Belauntza)
    Mamikorte (Berastegi)
    Pillo-pillo (Bidegoian, Zerain)
    Zapo (Elosua)
    Tximilikuarte! (Zarautz)
    Aske!, libre! (Sestao)
    Xalmo (Elgorriaga)
    Txartela nirea (Arraioz)
    Katarra eta matarra (Albiztur)
    Labi labi (Aramaio)
    Korte (Aia)
  • ETXEA
    (kontatzen den pareta edo zuhaitza)
    Etxea (Ataun)
    Txitola (Agurain)
    Herri (Bermeo)
    Txalbota (Astigarraga)
  • TXUTXUPE
    (nahastea eta ikusi ez den lagun baten izena esatea)
    Kuartakerre (Zarautz)
    Txupalagain
    Kontramintzo
  • KURIKITUA
    (ezkutatuak aurkitu ezin direnean betetzen dagoenak oihu hau botako du. Gordeta daudenek irrintzi batekin erantzungo dute)
  • BETE IZAN
    Betetzea (jolas honetan zenbatu ondoren beste jokalariak aurkitu behar dituen pertsona)
    txito izan
    zigortua
    itsu izan
    izan
Gaitasunak
  • JARDUERA LUDIKOA
    Mugimenduzko eta adimen estrategiazko jokoa.
  • JOKAERA KOGNITIBOAK
    Eragiketa jokaera: arrazoibide konkretua.
  • TREBETASUN FUNTZIONALAK
    Ikerketa: lekualdatzea (korrika).
    Eraginkortasuna: lastertasuna eta ikusmen zorroztasuna.
  • ALDERDI SOZIALAK Mota mistoko harremana (gizabanakoa-gizabanakoa eta talde motako harremana).

Portada
Enpresa
 
Iruzkinak

* Dutenak beharrezkoak dira

ESTRANETA

Txantxariak

urtxintxa

© 2010 urtxintxa
Mundaiz bidea 8-2.E 20012
20012 Donostia
Telefonoa: 943270033
Faxa: 943270079
gipuzkoa@urtxintxa.org

CC lizentzia
Aitortu - Ez Komertziala - Partekatu Berdin (by-nc-sa)

Eusko Jaurlaritza Gipuzkoako Foru Aldundia