JOSTAILUAK EROSTEKO GOMENDIOAK:
Jolasak haurraren garapenerako ezinbestekoak direla esan daiteke. Alde batetik, bere burua eta ingurua ezagutzeko aukera ematen diote, eta bestetik, komunikazio eta sozializazio tresna garrantzitsua dira. Jostailua, berriz, jolasaren oinarrizko laguntzailea dela esan dezakegu. Maite Garaigordobil, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da eta lan handia egin du jolasen inguruan; jostailuak aukeratzerako eta erosterako orduan, irizpide hauei jarraitu behar zaiela uste du berak.
1. Adina eta ahalmenak: Jostailuak haurraren adin eta beharretara egokitu behar du; baita mugimendu ahalmenetara eta ahalmen intelektual, afektibo eta sozialetara ere. Bere beharrak asetu behar ditu (asmatzekoa, sortzekoa, bilatzekoa...). Egokiena, haurraren garapenaren dimentsioak suspertuko dituzten jolasak erostea da.
2. Irudimena eta ekintza: Jostailuak parte hartzeko aukera eman behar dio haurrari, bere ikasketa prozesuan eraginkorra izan dadin.
3. Hainbat jostailuren konbinazioa: Egitura sinplea duen jostailuak fantasia garatzeko aukera emango dio umeari, baina komenigarria da mota horretakoak jostailu sinbolikoen erabilerarekin tartekatzea.
4. Bakardadea eta elkarrekintza: Bakarka zein beste haurrekin aritzeko moduko jostailuak izan behar dituzte. Bakarkako jolasak fantasia pertsonalak adierazteko aukera emango dio, eta besteekin aritzen denean, komunikaziorako tresna izango da jostailua haurrarentzat.
5. Rolak eta indarkeria: sexu bereizketarik eta indarkeriaren aldeko jarrerarik erakusten ez duten jolasak dira egokienak.