Formatu klasikoa duten 66 jostailu eta euskarri informatikoa duten beste 53 aurkitu ahal izango dituzue datozen orriotan. 2005. urtean merkaturatu diren jostailuak jaso ditugu aurretik eskuratu zitezkeenen zerrenda osatzeko. Aurten kaleratutako jostailuak zein diren erraz antzeman dadin, ‘berria’ dioen oharra jarri diegu.
Azterketa psikopedagogikoa
ESAR sistema erabili dugu gida antolatzeko. Denise Garon psikologoak sortu zuen sistema hori 1982. urtean, eta umearen garapen maila kontuan izanik, jostailuak lau multzotan banatzen ditu. Sailkapena egiteko, ekintza ludiko motak eta jarrerak hartzen ditu kontuan, ikuspegi kognitibo, instrumental, sozial, linguistiko eta afektibotik.
Fitxa
Gida honek, urte osoan zehar haur eta gaztetxoen heziketa prozesuak bultzatzeko baliagarri izango den tresna teknikoa izan nahi du. Jostailuaren bidez lortu nahi duzuen helburuaren arabera, bat edo beste aukeratzeko lagungarri izango zaizkizue aurrean dituzuen orriak. Horretarako, jostailu eta CD-Rom bakoitzaren ezaugarriak eta heziketa gaitasunak jasotzen dituen fitxak osatu ditugu. Era berean, jostailua zein adinetarako egokia den ere ikusi ahal izango duzue.
Banaketa
Banaketari dagokionez, EUSKARAZKO JOSTAILUEN GIDA 2005 bi eratara zabalduko dugu: paperean, aurreko urteetan egin dugun moduan, baina berrikuntza bat ere izango dugu. Aurten www.aisia.net web orrian gida ikusteko aukera izango baituzue.
Egunero egin daiteke jolas, beharrezkoa da hala egitea, eta horretarako tresnak, heziketarako beharrezkoak, jostailuak dira. Anima gaitezen bada jolas egitera! Haur eta gaztetxoak jakina, baina baita helduak ere!